Atzipen azkarrak orrialdean
data: 2012/05/17 azken egunerapena: 15/05/2012

Hiriaren hastapenen habia izan zen muinoaren goialdean dago kokatuta Gasteizko katedrala, lehendabiziko harresiek mugatu zuten esparruan. Iparraldetik hegoalderantz hedatzen den menditxo luzexkaren ipar-muturrean dago beraz, inguruan duen Arabako Lautada baino 20 bat metro gorago. Katedral-barruko zoruan nabaria da altuera-desberdintasuna, hego-mendebaldea -goi-lautadako hiri zaharrerantz begira dagoena- ipar-ekialdea -magalaren erdian kokatua- baino bederatzi bat metro gorago baitago.
Ezaugarri orografiko eta historiko horiek direla medio, eraikinaren lur-azpian betelanetarako eta zorua berdintzeko erabili izan den lur artifizial asko dago. Gainera, aipatu ezaugarrien eraginez, eraikinaren aldeetan dauden itxidurek izugarrizko altuera-desberdintasunak dituzte.
Gunerik zaharrenaren bilakaera historikoa adierazten duten planoetan argi ikusten da Katedrala Erdi Aroko harresiaren osagaia izan zela. Horregatik dira hain sendoak garai batean itsuak ziren iparraldeko hormak. Eta horregatik egin zuten eraikinaren egitura osoa zeharkatzen duen harresiko erronda-pasabidea ere.Gurutzaduraren hegoaldetik atariko ipar-mendebaldeko izkinaraino heltzen zen pasabidea, eta girola osoa, transeptua eta elizaren iparraldeko nabea inguratzen zituen.
Gaur egun katedralak ez du ia inolako defentsa-ezaugarririk, hein handi batean ekialdean egin dituzten etxebizitzen eta zerbitzu-eraikinen ondorioz. Alde horretan, girola benetan ikusgarria izango zen kanpotik ikusita, gurutzaduraren iparraldeko buru-horma orain den antzera, erronda-pasabidean altuera-desberdintasun izugarriak baitzeuden, eta orube naturalak ere hamabi metro inguru baitzituen. Katedrala erabilera anitzeko eraikinek osatutako multzoaren barruan dagoenez, eta benetako "fatxadarik" ez duenez, ez du erlijio-eraikin bitxiek izan ohi duten "monumentu" itxura garbi hori.
Hiriaren bilakaerak, azkenean, lekua utzi du eraikin-multzoaren hego-mendebaldeko angeluan, Santa Maria enparantzan, eta bertatik katedral-barruan sar daiteke. Sarrera horretan lurraren maila zertxobait baxuagoa da. Mendebaldean eta iparraldean, Frai Zacarias Martinez kaleak eta Santa Mariako kantoiak enparantzaren eta Aiztogile kalearen arteko desnibelari aurre egiten diote, mendebaldeko eta iparraldeko fatxadak inguratuz, hurrenez hurren. Aiztogile kaleak muinoaren magalaren erdialdeko kurbari jarraitzen dio, hiriaren ekialdeko harresia izan zenaren azpitik, eta bertara begira daude katedralaren ondoan beranduago egin zituzten eraikinen fatxadak.