Atzipen azkarrak orrialdean
data: 2012/05/17 azken egunerapena: 15/05/2012

Alfontso VIII.ak hasitako eliza-gotorlekuaren proiektuaren eraikuntzaren irudia. Tenplua eraikitzen bukatu arte gurtza lanak bere gain hartzeko eraiki zen bigarren eliza ikus daiteke.
1- Beheko solairua Gaztelaren konkistan.
Gurutzaduraren iparraldea kanpotik, Ekialdetik begiratuta. Argi ikusten da eraikina hiria babesteko erabili zutela.
1200. urtean, Gaztelako erregeak, Alfontso VIII.ak, Gasteiz konkistatu zuen, eta handik bi urtera, sute handi baten eraginez, erabat kiskalduta geratu zen. Orduantxe ekin zion Gaztelako erregeak hiriaren itxura erabat aldatu zuten eraikuntza-lanak egiteari. Izan ere, hirigunea Mendebalderantz zabaldu zuten hiru kale berriak ziren ordura arteko hirigintza-lan bakarrak.
Santa Maria katedralean egindako ikerlanari esker, gai horri buruz genituen ezagutzak nabarmen aberastu dira. Hiria Mendebalderantz zabaltzearekin batera, Alfontso VIII.ak perimetroa hobeto itxi nahi izan zuen Iparraldetik, eta oraindik ere harri eta zur uzten gaituen proiektu izugarria jarri zuen abian: helburu bikoitza izango zuen eliza handi bat eraikitzea. Batetik, hiria babestu behar zuen; bestetik, eraikitzen hasita zeuden hiri handiaren neurrikoa izan behar zuen.
Oso horma sendoak zituenez, defentsarako erabili zuten gehienbat, hau da, hiriaren iparraldeko hirigintza egituratzen zuen harresi handitzat. Harrigarria da benetan, agian harrigarriena, antzinako eraikinaren kanpoaldeak ia osorik iraun duela. Gune batzuetan 20 metroko altuera du oraindik ere. Hainbat arrazoirengatik da hain garrantzitsua egoera hori:
a) Ondarearen eta historiaren ikuspuntutik, antzinako monumentu garrantzitsu bat ia osorik ezagutzeko aukera eman digu.
b) Egiturari dagokionez, lehen eliza handi bat zegoela ikusi ahal izan dugu, orain arte datu hori ezagutu ez den arren. Eta eliza zaharrak, gainera, erabat baldintzatu zituen nola katedralaren geometria, hala estatika.
c) Arkitekturaren historiaren ikuspuntutik, Artearen historian konpondu ez den kontraesan bati erantzuten dio. Oinplanoaren ustezko arkaismoa ez zetorren bat altxaerekin. Historiografiaren arabera, gotiko klasikoaren estetika du eraikinak, baina ez gurutzadura handiak, eredu zistertarretik gertuago dago eta. Garai batean, oinplanoaren diseinuaren "arkaismoa" aipatu zuten kontraesanaren arrazoitzat, baina ikuspegi horrek ez zuen dena argitu. Zorionez, gaur egun badakigu zein den ustezko arkaismo horren zergatia: aurreko proiektu handia. Izan ere, tenpluaz arduratu zirenek ez zuten proiektu hori ezagutzen.
Lucia Lahoz irakaslearen ustez, "argumentu horretatik abiatuta, Baionatik zetorren Donejakue Bideari bizitasuna emateko hartu zuten, nonbait, erabakia. Gasteizek Gaztelaren aurrean garrantzia hartu zuenean, aipatutako bidea gehiago hasi ziren erabiltzen, eta Santa Maria zen, hain zuzen, erromesak hirian sartutakoan ikusten zuten lehen eliza... (Modu horretan) Santa Maria katedral zaharraren eta Apraizek horrenbeste defendatu zuen erromesaldien kulturaren arteko lotura sendotu egin zen".