Atzipen azkarrak orrialdean
data: 2012/05/17 azken egunerapena: 15/05/2012

Ezkerreko argazkia: Egurrezko gangen ordez harrizkoak egin zituztenean, kontrahormak jarri behar izan zituzten pisuari aurre egiteko. Argazkian, Hegoaldeko nabeko kontrahormak ikusten dira.
XV. mendeko oinplanoak:
XVI. mendeko oinplanoak:1496ko urriaren 7an eman zuten Armentiako Kolegiata Gasteizera ekartzeko baimena, baina 1498ko otsailaren 14ra arte ez zuten halakorik egin. Garai hartan parrokia hutsa zen Santa Maria, baina kolegio-eliza bilakatu zen, Gasteizko oligarkiak bultzatuta. "Euren hiriari sona eman nahi izan zioten eta eliza lurralde osoko elizen ardatz bihurtu", J.R. Diaz de Duranaren hitzetan. J.R. Diaz de Durana Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak azaldu duenez, Kolegiata Santa Mariara ekarriz "lehenik eta behin, Gasteiz hiri gisa, subjektu politiko gisa eta elizaren ardatz gisa nabarmendu nahi izan zuten (...). Horrela... are ageriago geratu zen hiriaren beraren handitasuna, eta gotzain-hiriaren hurrengo maila eskuratu zuen".
Gertakari historiko hori dela medio, XV. mendearen amaieran eta hurrengo mendean zehar Santa Maria "handitzen" eta "edertzen" aritu ziren. Ikusiko dugunez, gertakari hura izan zen, azken finean, gaur egun katedralak pairatzen dituen gaitzen "eragilea".
XVI. mendean buru-belarri murgildu ziren eraikuntza-lanetan: dorrea, korua eta hainbat kapera eraiki zituzten, hala nola San Joanena, Sortzez Garbiarena, Kristoren Aldarekoa, San Rokerena, San Markorena, Errege-erreginena, San Bartolomerena, San Joserena, San Prudentziorena eta Pietatearena. Gainera, hilobi bikainak egin zituzten, besteak beste, Ortiz de Caicedotarrena, Cristobal Martinez de Alegria jaunarena eta Martin Saez de Salinas jaunarena.
Beste egitura-lan batzuk ere egin zituzten: ikuspegi estetikotik edo artistikotik hain ikusgarriak ez diren arren, garrantzitsuak izan ziren katedralaren etorkizunerako. XV. eta XVI. mendeetan zehar, aurreko fasean bukatu gabe utzitako goialdeko zatiak eraiki zituzten, zati berrietan harrizko gangak egin eta, antzinako egurrezko gangen ordez, harrizkoak jarri zituzten. Mende horietako lanen ondorio dira, neurri handian, eraikinaren egitura-arazoak. Hurrengo mendeetan, orduan sortarazitako arazoak konpontzeko lanak besterik ez zituzten gauzatu. Egurrezko gangen ordez fabrikan landutakoak jarrita, eraikinari gainkarga ezarri zioten, ez baitzegoen hain pisu handia eusteko diseinatuta. Eta orduantxe hasi ziren gaur egun ere hain nabarmenak diren desitxuratzeak eta kalteak. Etenik gabeko prozesua izan da.