Atzipen azkarrak orrialdean
data: 2012/05/17 azken egunerapena: 15/05/2012

Dorrearen ikuspegia Burulleria plazatik, iluntzean.
Katedralaren bista Gasteizko Hirigune Historikoaren hegoaldetik begiratuta.
Elizako ateko giltzak dorrera igotzen den zurezko eskaileran.
Gorputz oktogonalaren eta dorreko kapitelaren bista, hegoaldetik begiratuta, iluntzean, zerua urdin dagoela.
Santa Maria Katedrala Fundazioa Gasteizko tenplurik enblematikoena eta balio historikorik handiena duena Osorik Zaharberritzeko Plan Gidaitzailaren proposamenak kudeatzeko eta garatzeko sortutako erakundea da. Fundazioa 1999. urtearen amaieran eratu zuten Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta hiru erakunde horietako ordezkariek osatzen dute patronatua edo gobernu-organoa.
Proiektua hasiera batean zenbait urtetan egitea aurreikusita zegoen (2000-2012); hala ere, konplexutasuna dela-eta Katedralean zenbait arazo aurkitu dira, eta etengabe errealitate berrietara egokitu behar da, betiere Plan Gidatzaileak aurreikusitako zorroztasun metodologikoa nahiz helburuak mantenduz. Proiektuaren kalitatea nabarmendu dute, besteak beste, Europar Batasunak, Vatikanoak, Kultura Ministerioak, eta Estatuko nahiz nazioarteko foro ospetsuetan laudorioak ere jaso ditu. Horrela, monumentuen zaharberritzean bikaintasunaren erreferente bihurtu da dagoeneko. Horrez gain, Europa Nostra Saria jaso zuen 2002an, hots, Kultura Ondarea berreskuratzeko eta kontserbatzeko proiektuei Europan ematen zaien saririk handiena.
Aldi honetan egindako ikerketa-lanari esker oso ongi dakizkigu Tenpluaren eraikuntza-ezaugarriak eta historian izan duen bilakaera. Horri esker, aurkitutako zenbait arazo konpontzeko beharrezkoak diren esku-hartzeak finkatu dira. Halaber, aplikatutako zorroztasun metodologikoaren ondorioz, informazio baliagarria lortu dugu Gasteizko hiriaren jatorriari buruz. Fundazioan aplikatutako kudeaketa-eredua beste erakunde batzuetara esportatu da; lan-metodoa da.
Santa Maria Katedrala Fundazioak Katedralaren arkitekturaren zaharberritzea kudeatu ez ezik bestelako jarduerak ere garatzen ditu, hala nola, kultura- eta turismo-jarduerak nahiz jarduera didaktikoak. Horien guztien helburua da balioa ematea, hirirako eta haren hirigune historikorako kultura-dinamizazio tresna izan dadin. Jarduera horien artean hauek nabarmendu behar dira: bisita gidatuak zaharberritze lanak ikusteko, kongresuak, biltzarrak eta mintegi espezializatuak, bilerak eta konferentziak idazle ospetsuekin, musika-kontzertuen produkzioa, antzerki emanaldiak, erakusketak eta argitalpenak edo lanbide tradizionalei buruzko lantegi eta ikastaroak.
Bi alderdi horiek izaera integrala ematen diote proiektuari. Eta izaera horrek hain zuzen arlo guztietara zabaltzen diren ondorio onuragarriak ematen dizkie Santa Maria Katedrala Fundazioari eta haren proiektuari: Monumentuak zaharberritzea, hirigintza birgaitzea, turismoa eta kultura bultzatzea, zientzia eta ikerkuntza garatzea, prestakuntza sustatzea, historia berreskuratzea, herritarren konfidantza handitzea eta ekonomia- eta gizarte-sustapena egitea.
Prozesu honen helburua, beraz, hau da: Katedralaren inguruan sortutako jarduerak finkatzea, eta horren eraginez herritarren bizitzan elementu aktiboa eta egonkorra bihurtzea Katedrala. Gaitasun guztiak garatuz (haietako batzuk dagoeneko martxan jarri dira), asmoa da Katedralean etengabe mantentzeko jarrera sustatzea, etorkizunean kontserbatzeko ezinbestekoa baita.
Azkenik, ez dugu ahaztu behar Katedrala etorkizunean kultura irekitako tenplua izango dela, eta horri esker, katedralak eraiki zenean eman zioten erabilera nagusia izango duela berriz.
Gasteizko Santa Maria Katedrala Zaharberritzeko Proiektua, beraz, plan bizia da eta guztientzat da:
• Fededunentzat
• Historia, Artea eta Kultura maite dutenentzat
• Ondareaz arduratzen diren unibertsitate, zientzia eta teknologia arloetako espezialista eta ikertzaileentzat
• Kultura-turismo berriaz gozatzen dutenentzat
• Ondarea zaharberritzen diharduten langile, profesional eta ekintzaileentzat
• Kudeaketa-proiektu berritzaile baten aldeko apustua egiten duten erakunde publiko eta enpresa pribatuetarako
• Edertasun handiko Hirigune Historikoaren hirigintza, gizarte eta kultura berreskuratzeari etekina atera dioten biztanleentzat
• Katedralean beren bizipen erlijioso, intelektual eta emozionalen erantzunak aurkitzen dituzten pertsonentzat
• Iraganarekin lotura historiko eta afektiboa eta Kultura Ondarearen arloan nazioarteko erreferentea izateaz harro dauden gasteiztar eta arabarrentzat
• Gasteizerako. Arabarako. Euskal Herrirako...eta den-denontzat.