Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

04/09/2019

Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioa, 2019ko Europako Arkeologia Ondarearen Saria

Zaharberritze proiektu integralak Arkeologoen Europako Elkarteak ematen duen aintzatespen nagusia merezi izan du, “ondarea lantzeko modu berria eta hunkigarria” gizartearen esku jartzeagatik.  

Santa Maria Katedrala Fundazioak, Arkeologoen Europako Elkarteak (EAA) ematen duen 2019ko Europako Arkeologia Ondarearen Sari garrantzitsua jaso du gaur. Iragarkia gaur arratsaldean egin da Bernan (Suitza), EAAren Urteroko 25. Bileraren Irekiera Ekitaldian. 

Saria Ramiro González Arabako Diputatu Nagusi eta Fundazioaren Presidenteak eta Agustín Azkarate EHU/UPVko ondare arloko Ikerketa Taldeko eta Kultur Paisaiaren eta Ondarearen  UNESCO Katedrako Zuzendariak jaso dute. Bertan egon dira, baita ere, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea eta Leandro Cámara Santa Maria Katedrala Fundazioko Zuzendari Teknikoa. 

Europako Arkeologia Ondarearen Saria jasotzeko hautagaiak baloratzeko Batzordeak “bikaintasun zientifikoa eta proiektuak epe luzera dituen emaitzak” azpimarratu ditu, eta baita “hiri kudeaketa, turismo eta lurralde berriztatze politika arloetan izan duen eragina ere”. Felipe Criado EAAko presidentearen hitzetan, Fundazioa “gure erakundearen politikaren eredu da, arkeologia iraganaren eta gaur egunaren arteko irakurketa inklusiboa eraikitzeko erabiliz, Europa osorako etorkizun inklusiboa sustatuz”. 


Modu espezifikoan, EAAk, Fundazioaren proiektua oinarritzen duten eta saria lortzera eraman duten bost faktore nagusi azpimarratu nahi izan ditu: 

  • Estrukturaren aldetik zituen arazoak zirela eta kolapsoaren ateetan zegoen Katedrala zaharberrituz egindako ondarearen babesa eta kontserbazioa. Katedrala, Munduko Ondare Zerrendan dago jasota 2015etik, Donejakue Bidearekin erlazionatutako ondasun gisa.
  • 2002an Europa Nostra Saria jaso zuen eta arkeologia, arkitektura eta historia ikerketa eta hezkuntza, gizarte, hiri eta ekonomia alderdiak bateratzen dituen ikuspegi integralarekin diseinatu den Zaharberritze Plan Zuzendariaren lehentasunezko izaera.
  • Katedralaz gain, inguruko hiri eta gizarte ingurunea berreskuratu izana.  
  • Eraikinaren ebaluazio arkeologikoa, Vitoria-Gasteizko hiriaren eta bere jatorriaren ezagutza historikoa iraultzeko balio izan duena.
  • "Irekita obrengatik" ekimenaren ikuspegi paregabea, bisitariei zaharberritze lanak eta denboran zehar izan duten bilakaera zuzenean ikusteko aukera eman diena. 

Sari “eztabaidaezina”

1999tik EAAk Europako Arkeologia Ondarearen Saria ematen die Europako arkeologia ondarearen ezagutza bultzatzeko eta sustatzeko ekarpen berezia egiten duten proiektuei, ondarearen babesa, aurkezpena eta hobekuntza ahaztu gabe. 

Urte honetatik aurrera, gainera, bi kategoria ezarri dira. Kategoria instituzional bat, ondarea, erakundearen “ohiko betebeharretatik” haraindi gordetzen laguntzen duten ekimenetarako –aurten Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioak jaso duena–; eta banakako kategoria, ekarpen akademiko bikainei zuzenduta. Aurten, banakako saria Osman Kavala filantropo turkiar eta herrialde horretan dagoen Armeniako kultur ondarearen babesleari eman zaio. 

Horrela, EAAk azpimarratu duenez, bi saridunek “era eztabaidaezinean” merezi izan dute saria, “euren aurrekari zientifikoen eta teknikoen ez ohiko erabilerarengatik, partekatutako gure ondarearen hezkuntza eta gizarte arloko balioak sustatzeko”. 

Europako Arkeologia Ondarearen Sariak 

Arkeologoen Europako Elkartea erreferentziako erakundea da Europan arkeologia arloan, eta 70 herrialdetako 2.500 kide baino gehiagok osatzen dute. Halaber, estatus partaidea du Europako Kontseiluan 2003tik. 

Urte hauetan, arkeologo azpimarragarriek jaso dituzte sariak, arkeologiaren munduari egin dizkioten ekarpen garrantzitsuak direla eta, eta baita zenbait erakundek ere, Portugalgo Kultura Ministerioak adibidez, –Manuel Carrilho ministroaren eskuetan– Côa Haranean aire zabalean dagoen historiaurreko labar-artea urtegi baten eraikuntzaren aurrean babesteagatik. Une hauetan, gune hori Unescoren Munduko Ondarearen Zerrendan dago. Italiako Kultur Ondare eta Turismo Ministerioak ere jaso du saria –lurralde mailako krisi eta koordinazio unitatearen bitartez– 2016an eta 2017an Italia erdialdea suntsitu zuten lurrikaretan kaltetutako kultur ondarearen babesarengatik eta kontserbazioarengatik. 

Fundazioari eman zaion sariari dagokionez, Katedral batean egindako lan arkeologikoak eta zaharberritzekoak saritzen diren lehen aldia da, eta baita, 25 urteko historian, erakunde mailan, saria Estatuan ematen den lehen aldia ere. 

Azken 20 urteetan, 1.800.000 bisitari inguruk baloratu dute katedrala “modu irekian” zaharberritzeko proiektua bisitatzeko aukera, onura ekonomiko garrantzitsuak ekarriz tokiko komunitatera, azpiegituretara eta merkataritzara. Hobekuntza nabarmenak ere ekarri ditu hiriko bizitza kalitatean, lurralde, nazio eta nazioarte mailako presentzia soziala eta sinbolikoa barne. 

Izan ere, EAAk "Obretan eta irekita" goiburua azpimarratu du, eslogan horren lehenengo erabilera Santa Maria Katedraleko obratan hasi baitzen. “Ondarea eta ondarearekin erlazionatutako proiektuak lantzeko era berria eta hunkigarria da, dimentsio publikoa eta balioa lehen lerroan jartzen dituen eta Europako eta Mundu osoko Ondarearen Komunitateari onurak ekartzen dizkion ikuspegitik”. Horrela, bertako proiektuez gain, Espainiako, Europako edo Amerika Erdialdeko eta Hegoaldeko beste proiektu batzuen inspirazioa izan da. 

Fundazioari buruz

Santa Maria Katedrala Fundazioa, Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedrala zaharberritzeaz eta balioan jartzeaz arduratzen den erakundea da. 1999an sortu zuten Arabako Foru Aldundiak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Arabako Gotzaindegiak. Patronatuaren Presidentea Arabako Diputatu Nagusia da.